Atal honetan, Hungariako Kaldereroen Konpartsako partitura guztiak jarri ditugu; Raimundo Sarriegui Etxeberriak sortua da musika hori, eta Joxemari Oiartzabal Beloki maisuak moldatu ditu bandarako.
Material honek Hungariako Kaldereroen musika guztiak jotzeko aukera ematen du, flautatik hasi eta perkusioraino, ingudeko eta zartaginetako kolpeak barne; horrez gainera, kantuen partiturak ere eskura daude, hainbat ahotsetan kantatu ahal izateko, bai gaztelaniaz, Adolfo Comba-k idatzi bezala, eta bai euskaraz.
Partitura horiek berak erabili dira “Kaxkariñak…dira?” diskoa grabatzerakoan, izenburu hori baitu Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsak atera duen diskoak.
Aurrenekoz 1884ko otsailaren 2an jo eta kantatu ziren musika horiek hobeto interpretatzeko balioko duelakoan jarri dugu material hau guztia jendearen eskura. |