Hungariako Kaldereroak Kaldereroak Grosen Egileaak
Kantak Txikienentzat Argazkiak

EGILEAK

Hungariako Kaldereroen Konpartsaren sorrera talde-lana izanda ere, pertsona jakin batzuen ekarria ezinbestekoa izan zen konpartsak dituen ezaugarri bereziak sortzerakoan. Jende gehienak daki, noski, Raimundo Sarriegik idatzi zuela musika; hitzak norenak diren, ordea, ez da hain gauza ezaguna. Gaztelaniazkoak Adolfo Comba y Garcíak idatzi zituen eta euskarazkoak, berriz, Victoriano Iraola Aristigietak. Ez dakigu nork asmatu zituen "Hungariar Kantua"ren hitzak, baina badakigu ez dela, berez, hungarieraz idatzia; dialekto-nahasketa bat izan behar du, nonbait, alemaneko hitzak eta donostiarrek asmatutako hitzak ere badituena, seguru asko.

 

RAIMUNDO SARRIEGI ETXEBERRIA (1838-1913)

Donostian jaio zen, 1838ko martxoaren 15ean, lehenengo karlistaldiaren bukaeran, baserritar familia batean.

Txiki-txikitandik zaletu zen musikarekin. Tiple izan zen Santa Maria elizako abesbatzan, eta, gerora, tenor ospetsua San Bizente parrokian. Santesteban "maisuba"rekin egin zituen ikasketak, eta haren ikasle kuttunena izan zen Sarriegi. Bere txaranga sortu eta zuzendu zuen,“La Cítara”, eta “La Euterpe” zeritzan garai hartako higikunde musikalean ere parte hartu zuen.

Doinu asko sortu zituen Donostiako Inauterietarako: Momo Jainkoaren konpartsa, Hungariako Kaldereroen konpartsa, Inude eta Artzaien konpartsa, Oilarren Zalditeria, Atsoen Zalditeria, Sardina Lurperatzekoa… Doinurik ezagunenak, ordea, Danborradakoak ditu: Tatiago, Iriyarena… 1861ean, artean 23 urte bete gabe, Donostiako martxa sortu zuen. Bestelako musikarik ere sortu zuen, zarzuela, adibidez: “Pasayan” eta “Petra Chardiñ saltzallia”. Hainbat ahotserako kantuak ere idatzi zituen: “Beti maite”, “Illunabarra”, Ramon Artola tolosar olerkariaren hitzekin. Txisturako ere idatzi zituen Sarriegik doinuak: "Kontrapas", bere besoetako Eusebio Basurkori eskainia; "Minueto", eta "Alkate soñua", eta doinu ezagun hori jotzen du gaur egun Txistularien Udal Bandak ospakizunetan Donostiako udalbatzari laguntzen dionean.
Herri-musikaren sortzaile oparoa eta emankorra izan zen Sarriegi; luzaroan entzun, kantatu eta dantzatu ditu herriak haren doinuak, eta atseginez eta zirraraz entzuten dituzte gaur egungo donostiarrek ere.

 

 

ADOLFO COMBA Y GARCÍA

Jerez-en jaio zen, Cadizko probintzian, XIX. mendearen erdian, familia dirudun samar batean. Haren aitak grina bizia zuen bere semeetariko bat marinel izan zedin, baina haren seme zaharrena, Juan Comba, pinturarekin zaletu, eta margolari ospetsua eta marrazkilari eta irudigile iaioa izan zen. Oso trebea zen gertaerak marrazkiz zehatz eta egiantzaz sumatzeko eta adierazteko, eta berehala izan zuen ospea aldizkari askotako orrialdeetan. Margolari gisa ere bikain askoa zen, hainbesteraino, non Alfonso XII.a errege, María Cristina erregina eta Alfonso XIII printzearen ganbera-margolari izan baitzen.

Aita gogor zegoen bere bostean, seme marinela izan nahi zuela; baina bere beste semeak, Adolfok, ez zuen ezta ere aitaren nahia bete, eta ingeniari agronomo egin zen. Jerezko Etxalde Experimentalaren zuzendari izan zen, eta garai hartakoak ditu hainbat idazlan interesgarri, besteak beste, Manual de Geometría Plana.

1881n, Donostian bizi zen Adolfo Comba, urte harrezkeroztik arimetika eta geometria praktikoko eta aritmetika komertzialeko irakasle izan zen Arte eta Lanbide Eskolan; udalarena zen, hain zuzen, eskola hura. 1897ko urriaren 8an, Donostian eskolak emateari utzi zion Combak, Madrilera eraman baitzuten lanera.

Urte haietan, Adolfo Comba bete-betean sartu zen Donostiako kultur eta jai giroan; eta horren lekuko dira gure artean egon zen garaian hainbat gairi buruz Combak idatzitako olerki, neurtitz eta bestelako testuak. Hainbat lan argitaratu zuen, besteak beste, “El labrador guipuzcoano”, baserritarren bizitza eta ohiturei buruz. (Euskal Erria aldizkaria. 1900). 1883an, “Memoria sobre la ganadería de Guipúzcoa y sus industrias similares, medios de evitar su decadencia y fomentar su desarrollo” argitaratu zuen; eta 1895ean, berriz, “Manual de aritmética práctica para uso de los alumnos de las escuelas de artes y oficios", F. Journet-ek argitaratua eta Bartzelonako Arte eta Lanbide Eskolaren zuzendariari eskainia.

“Marcha Real del Carnaval” eta “Tango Real” doinuen hitzak idatzi zituen 1881n. 1882an, berriz, konpartsa horren “Segundo Himno” idatzi zuen, eta, 1887an, Lorazainen Konpartsako "Marcha". Gaurko donostiarrentzat, ordea, 1884an Hungariako Kaldereroen Konpartsarako idatzi zituen hitzak dira Combaren lanik ezagunena.

1885eko urtarrilean, Andaluzian gertatutako lurrikara ikaragarrien ondoren, gizarte maila guztietako ehundik gora gaztek osatu eta La Fraternal elkarteak antolatutako "Estudiantina"rako neurtitzak ondu zituen Combak, “…con objeto de implorar la caridad de este generoso vecindario y contribuir a aliviar la triste suerte de los pueblos de la hermosa Andalucía, a quienes las grandes catástrofes de estos días han sumido en la miseria y el desconsuelo”, 1885eko "La Voz de Guipúzcoa"n irakur zitekeenez.

1890eko abenduaren 2an Ondarruko eta Donostiako traineruen arteko estropadan donostiarrek irabazi, eta Luis Carrilen mutilei Donostian egin zitzaien harreran eta omenaldian, hain ibili zen Comba ere arraunlarien goraipamenezko hitzak moldatzen.

1890ean gizarte-maila guztietako 328 donostiarrek eskatu zioten udalari Inauteri egunean soka-muturra egin zedila, udalak ospakizun hura kendu nahi baitzuen, egun berean zezenketa bat egitekotan zirelako aitzakiarekin; sinatzaile haien artean zegoen Adolfo Comba ere.

1894ko maiatzean, urte hartako udaldiko jai-egitaraua prestatu behar zuen batzordeko kidea zen Adolfo Comba.
Eta, hala, hamaika ekitaldi eta jaitan parte hartu zuen Combak, harik eta, arestian esan dugunez, 1897an Madrilera joan behar izan zuen arte. Urriaren 13an, Donostiako alkateak gutun bat bidali zion udalbatzaren izenean, eskerrak emanez: “buenos y excelentes servicios que durante muchos años ha prestado V. en pró de la enseñanza en nuestro centro docente, de los cuales guardamos grato recuerdo”. Eta urriaren 15ean, erantzuna bidali zion Donostiako udalari Adolfo Combak: “…no puedo menos de manifestar á esa Excma. Corporación mi profundo agradecimiento por las lisonjeras e inmerecidas frases que me dedican que jamás olvidaré, puesto que lleno de buen deseo y amante de la clase obrera, he procurado solamente cumplir siempre con mi deber; viviendo eternamente en mi memoria el grato recuerdo de esa encantadora Ciudad y sus nobles hijos, y el del para mi siempre venerado solar guipuzcoano”.

 

 

.

 

BITORIANO IRAOLA ARISTIGIETA (1841 – 1919)

“Famaren otsak goititutzen du merecí duben erriya…” Horrela hasten da Kaldereroen Konpartsako euskarazko abesti bakarra, Victoriano Iraolak idatzia.

Gotzon Egiak “Donostiar haien garaia” (Alberdania – 2002) liburuan kontatzen digunez, Iraola Pasai Donibanen jaio zen, baina Donostian bizi izan zen beti. Catalina Alvarez azpeitiarrarekin ezkondu, eta bi alaba izan zituen, Dolores eta Maria.

Moldiztegitxo bat zuen Legazpi kaleko 5. zenbakian, eta hantxe bertan bizi zen. Gizon alaia zen, umore onekoa.

Asko idatzi zuen, estilo eta tankera desberdinetan; euskaraz beti. Olerki pila argitaratu zuen garai hartako aldizkari gehienetan: Euskal Erria, Euskaltzale, Ibaizabal, Revista Euskara de Navarra, Euskal-Esnalea… “Bi ichubak” (1884) eta “Orentzaro gaba” (1894) antzezlanak idatzi zituen; eta “Petra chardiñ saltzallia” (1888) zarzuelako hitzak ere bai, Raimundo Sarriegik jarri ziola musika. Ipuin asko ere idatzi zituen, aita Zabalak “Auspoa” bildumako “Oroitzak eta beste ipui asko” liburuan bilduak. Marrazkilari bikaina zen baita ere. Arestian aipatu dugun liburuan bi erretratu argitaratu zituen, bata Bilintxena eta bestea Cayetano Sanchez Irurerena. “El Thun Thun” astekaria sortu, eta marrazki eta komiki pila argitaratu zuen han.

Union Artesana elkarteko sortzaileetariko bat izan zen, eta, horregatik, danborradak geldialdi bat egiten zuen urtero haren etxe aurrean.

Donostiako udaleko zinegotzia izan zen urte askoan. Espainiako errege-erreginak udaldia Donostian pasatzen zuten garaian, errepublikarra eta autonomiazalea zen Iraola. Euskararen eta euskal ohituren aldeko langile porrokatua izan zen. Bestalde, oso maite izan zuen Iraolak Donostian tinko errotutako festa bat: soka-muturra.

Donostian hil zen, 1919ko irailaren 19an.

Gora